Haurrentzat pentsatutako programa
Antzinako Okinawan, artea gazte sendoek praktikatzen zuten; haurrak eta emakumeak kanpoan geratzen ziren. O’Sensei Seikichi Toguchik pentsatu zuen hain onuragarria zen zerbait guztiengana iritsi behar zela, adina edozein izanda ere. Horregatik, txikienentzako programa propio bat sortu zuen. Saiko Shihan Tamanoren ustez, bere maisuaren hiru ekarpen handietako bat da, bunkai kumitearekin eta kiso kumitearekin batera.
O’Sensei Toguchik argi zuen haur bati eta heldu bati irakastearen arteko aldea:
«It is best for kids to learn karate skills in earnest when they are 15 to 16 years old. Younger ones should be trained to practise it as a form of physical education and discipline.» («Onena da gazteek teknikak serio ikastea 15 edo 16 urte dituztenean. Txikiagoei heziketa fisiko eta diziplina gisa irakatsi behar zaie.») — O’Sensei Seikichi Toguchi, Saiko Shihan Toshio Tamanok aipatua
Saiko Shihan Tamanok arteari Okinawa Budo Kaisai izena eman eta helduen programari gaiak gehitu zizkionean, haurrena zegoen bezala utzi zuen. Ondo zebilen.
Zer ikasten den
- Okinawako jolas tradizionalak. O’Sensei Toguchik uharteko haurrek antzina jolasten zituzten jokoak txertatu zituen. Saiko Shihan Tamanoren ustez, gaur egun ia ez dira Okinawan jolasten, eta eskolak ondare txiki gisa gordetzen ditu. Horietako bat, «burua ukitzea», bikoteka jolasten da, esku bat goiko geldiketan jarrita: irabazten du beste eskuarekin lehenik kidearen garondoa ukitzen duenak.
- Musikadun katak. O’Sensei Toguchik eta Seihin Yamauchi konpositoreak Okinawako musika alaiz lagundutako katak sortu zituzten, erritmoa eta koordinazioa ikasteko. Haurrek boa ere lantzen dute, makila luzea, bere musikadun katarekin.
- Kata errazak. Eskolako hastapeneko katak, urratsez urrats ikasteko pentsatuak.
- Bikoteko lan segurua. Kumite erraz eta aurrez ezarriak: bakoitzak badaki kideak zer egingo duen, eta hura zaintzen ikasten da.
- Daruma Taiso. Mugikortasun- eta arnasketa-ariketak, gorputza prestatzen dutenak eta klasea lasai amaitzen laguntzen dutenak.
Ez dagoena
Ez dago lehiaketarik, ez garaikurrik, ez haurren arteko konparaziorik. Shiai kumitea, heldu aurreratuek babesekin egiten duten lana, ez da haurren programaren parte. Presarik ere ez dago: gradu bakoitzak bere gaiak eta bere denbora ditu, eta ez da bat ere saltatzen.
Gerrikoak
O’Sensei Toguchi izan zen kolorezko gerrikoen graduak Okinawara eraman zituena. Marren ideia AEBetako armadaren galoietatik hartu zuen. Bere ikasleei arrazoi oso sinple batengatik gustatu zitzaien: beren aurrerapena ikus zezaketen, eta bazekiten zer ikasiko zuten ondoren.
«My students liked the system because they could see their progress objectively and knew what they would learn next.» («Nire ikasleei sistema gustatu zitzaien beren aurrerapena modu objektiboan ikusten zutelako eta bazekitelako zer ikasiko zuten hurrena.») — O’Sensei Seikichi Toguchi
Gerriko bat ez da oparitzen, ezta erosten ere. Entrenatuz irabazten da, eta azterketak jada dakiena besterik ez du egiaztatzen.
Adeitasuna, lehen egunetik
Shorei-Kan adeitasunaren eskola da, eta haurrek gorputzarekin ikasten dute hitzekin baino lehen. Gelara sartzean agurtzen da, hastean, kidea harekin lan egin aurretik eta ondoren, eta amaitzean. «Onegaishimasu» esanez eskatzen da eta «Arigatō gozaimashita» esanez eskertzen. Txanda itxaroten da. Senseiari gorputza geldi entzuten zaio.
O’Sensei Toguchik zioen ezin dela espiritua irakatsi aurretik gorputza irakatsi gabe. Dojoan, haur batek seizan esertzen, poliki arnasa hartzen eta itxaroten ikasten du. Gainerakoa denborarekin dator.
Beldurrik gabe babestea
Haurrei irakasten zaien autodefentsa teknika baino askoz lehenago hasten da: begiratzea, distantzia gordetzea, ahotsa erabiltzea eta heldu bat bilatzea. Beste irtenbiderik ez dagoenean bakarrik, babestea, irten ahal izateko. Teknikak segurtasuna ematen du, eta segurtasunak lasaitasuna.
Dojo batek ere ezin du agindu haur bati inoiz ezer gertatuko ez zaionik. Eskain dezakeena da lehen baino hobeto jakingo duela zer egin.
Familiak
Dojo bakoitzak bere taldeak adinaren arabera antolatzen ditu eta bere ordutegiak ditu. Galdetu gertuen duzun dojoan: lehen klasea da zure semearentzat edo alabarentzat toki egokia den ikusteko modurik onena.